XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jainkoari eskerrak. Momentu batetan bildur ginan, poesian ere gizona arras soziologizatuko edo politizatuko genuela.

Gizonik gabe geldituko ginala, xifra batekin soilik.

Ez da halakorik gertatu.

Eta nik uste, oinarrizko batasunari eutsi diolakoxe, ari dela poesia benetako pluralismoa ere lortzen.

Arestiren, Lekuonaren eta Zulaikaren poesiak, teorietara sartu diren beste edozein bi edo hiruk baino, batasun gehiago du, funtsean, eta ez du pluralismo gutiago.

Zulaikaren poesia honek, adibidez, hasiera haietako esistentzialismoarekin enpalmatzen du eta, halare, ez da poesia esistentzialistarik.

Burutik datorrena da, hotza.

Begietatik datorrena da, obserbazio poesia.

Dibujo bat da.

Zulaikaren poesia ez da batere dramatikoa.

Otzan-otzana da.

Lehen esperientzia elementalak obserbatzen ditu.

Azterketa bat egiten du.

Poesia honek irakurlea ez harritu, ez hunkitu, ez probokatu, ez berotu ta ez hoztu, ta ez du nahi inola kanbiatu.

Poesia hau ez da ezertarako.

Aski du hortxe egotea.

Zulaikak Santimamineko edo beste edozein kobazulotako zaldi, orein, bison, zezen ta hartzen galerian, animalien ondoan, gizona dibujatu du.

Kolererik gabe, edo okre piska batekin.

Eta hor dago - Adan.

Hemen ez dago ezer gehiago.

Desgaraiko poesia ote da? Nik uste dut azken aldiko poesia dena giroari josi-josita, berbertatik atxikita, desarroilatu dela.

Baina giroak ere batzutan bere erakoak, eta beste batzutan eraz kontrako fruituak sortarazten ditu.

Zulaikaren poesian erraz ikus liteke erreazio tankerakoa dela.

Azken honetako poesian nabari zitekeen gauza da: zenbait eta buelo haundiagoko teoriak eta bisioak eta poesia are apalago ari zen jartzen.

Gizon soil ta sotilaganako bihurrera Zulaikak beste inork baino radikal ta osokiago lortu duela, esango nuke.

Ez da, haatik ere, berritasun osorik.

Azkeneko poesian horrelako gehiago ere somatzen da eta, iadanik, letra produzio guzia ari da trazaok hartzen.